2011n sekulako lurrikara batek Japonia astindu zuen, eta atzetik beste horrenbesteko tsunamia etorri zen. Hondamendi haren ondorioz, Fukushima Daiichi zentral nuklearreko hiru erreaktore matxuratu zirelarik, herrialdea alerta egoeran zen, mundu osoak arnasari eusten zion bitartean. Haren guztiaren erdian, aitite-amama talde batek euren burua eskaini zuten erreaktoreetara jaitsi eta behar bezala isteko, hurrengo belaunaldien alde euren bizitza emateko prest.
Zorionez hartarako beharrik egon ez zen arren, guk aitite amama horien adorea omendu nahi izan genuen, eta energia nuklearraren inguruko hausnarketara deitu, modu dibertigarrian betiere. Hala hasi ginen 2018an Nuclear Corps: Veterans in Fukushima bideojokoan lanean.
Hiru pertsonako taldetxo bat bildu ginen, Harrobia Ikastolako 3d Goi Mailako zikloko lehenengo mailako ikasleak, PlayStation Talents plataformarako zer erakutsi prestatzeko. Puzzle jokoa zen, non aurrera egiteko hiru pertsonairen berezitasunak erabili behar ziren. Maila hori gainditu ondoren, jokalariak hiru arkade mini-jokori aurre egin behar zien. 2d txotxongilo moduko animazioekin egitekoak ginen, marrazketa estilo bizi batekin eta siluetaz osaturiko eszenatokiak erabiliz.
PlayStation-ek proiektua onartu zuen, baina laster konturatu ginen lan egiteko aukeraturiko bidea motelegia zela eskatzen zen eperako. Beraz, 2d estetikatik 3d-ra jauzi egin genuen, eta talderako jende gehiago lortu. 2019ko Otsailean produkzioa abiatu zenean, sei ginen burubelarri lanean genbiltzanak.
Urtebeteren buruan eta mila gorabeheraren ondoren, arkade atala alde batera utzi, jefeen aurkako borrokak gehitu, eta lau taldekide gelditu gara. Madrileko prentsa aurkezpen batean eta IFEMAko Games Week famatuan egon ginen, Bilboko Fun & Serious Games festibalean, ela Bartzelonako NiceOne bideojoko ferian. Estatu osoko iritziak jaso ditugu jende ezberdinarengandik, jokalari anitz, kazetariak, blogariak, streamerrak, eta baita bideojoko garatzaileak ere, eta egundoko esperientzia bizi izan dugu industriako giroa dastatzen.
Amaierara hurbildu ahala, harro gara egindako bideaz eta gogoz ekingo diogu produkzioaren azken atalari, udan jokoa PS network-en salgai jartzeko. Heldu bitartean, gozatu gure trailerra, eta Fukushiman ikusiko gara!