Ayanta García naiz, ‘3D Animazioak, Jokoak eta Ingurune Elkarreragileak’ Zikloko ikaslea, eta praktikak egiten ari naiz Baleuko enpresan (Durango).

Baleuko animazio enpresan egindako praktika-aldian Gookapi proiektuan parte hartzeko aukera izan dut. Proiektu horrek animazio serieak, pelikula, liburuak, aplikazioak eta haurrentzako beste produktu batzuk biltzen ditu, eta ni hainbat zereginetan murgildu naiz, batez ere diseinu grafikoan eta marrazketan.

Lehenengoari dagokionez, sare sozialetarako kartelak, ikonoak, bannerrak, bisita-txartelak, flyerrak eta abar sortzeaz arduratu naiz, aurrez ezarritako estilo-gida bati jarraituz. Diseinu grafikoaren atalean, Gookapiko OTTaren orri nagusian sartzerakoan berehala agertzen diren serieen posterrak diseinatu izateak nire ekarpen handiena izan dela esango nuke.


Posterretan agertzen diren iratxoen poseak nolakoak izango diren aukeratzeaz gain, 3D modeluak pose horietan kokatu ditut Autodesk Maya erabiliz, eta, ondoren, Blender-en argiztatu eta renderizatu ditut.

Marrazketa lanari dagokionez, 170 irudi baino gehiago (naturaren elementuak, animaliak, janariak, objektuak, kontzeptuak…) marraztu ditut, kasu honetan ere zehaztu didaten estilo jakin bat imitatuz.

OTTan igota (eta igotzear) dauden kapituluetan aurkitu daitezke, bideo batetik bestera eramaten zaituzten miniaturetan:


Baleukoko kide bat izatea atsegina izan da, eta pozten nau esperientzia bizi izanak. Benetan sentitu dut oso harreman ona dagoela lankideen artean, eta errespetua eta lankidetza hauteman ditut guztien artean. Esan dezaket orain konfiantza handiagoa dudala diseinatzaile eta marrazkilari gisa daukadan gaitasunean.