3D 2. mailako Andoni Barbadillo eta Ayanta García ikasleok gure ikasturte amaierako programazio-proiektua aurkeztu nahi dizuegu: Chuche for Chucho jokoa!
Chuche for Chuchon mundu koloretsu batean murgilduko zara. Zure eginkizuna hainbat geometriei pintura bota eta hauek bere artean konbinatzea izango da, koloreen eta formen arabera konbinazio ezberdinak lortuz. Alde batetik esferak, kuboak eta zilindroak osatzen dituzten 3 formak, eta beste aldetik 2 kolore biziak, gorria eta horia, kontutan hartuta, 21 konbinazio desberdin izango dituzu zure esku!
Konbinazioen emaitzak janariak dira, txakur maitagarri bati eman beharko dizkiozunak. Txakurrak aleatorioki erabakiko du zer nahi duen, eta aukera egokia jasotzen duenean, poztu eta handiago bihurtuko da. Ostera, eskatu ez duen janaria jasotzen badu, bere tamaina txikitu egingo da. Jokalariaren helburua 3 minututan txakurra ahalik eta pisutsuena bihurtzea izango da.
Hala ere, helburua lortzea ez da dirudien bezain erraza izango: Lurra inklinatuta dagoenez, geometriak eta janariak denbora guztian maldan behera irristatu eta elkar jotzeko arriskua izango dute. Adibidez, zilindro gorri baten atzetik bazabiltza eta honek kubo hori batekin topo egiten badu, biak konbinatu eta ogi-barra bihurtuko dira. Beraz, zure asmoa ez bazen ogi-barra lortzea, beste zilindro gorri bat bilatu edo sortzen den arte itxaron beharko duzu. Ez ahaztu zilindro hori bat zuk zeuk gorriz margotzeko aukera duzula baita ere!
Geometriek pintura arrastoa utziko dute lurrean irristatu ahala, eta zu ere gai izango zara pintura-balak lurrera botatzeko. Mekanika honek garrantzia hartzen du protagonista ere, txita, kolorez aldatzen delako: Txita horia denean, mantsoago ibiliko da pintura gorriaren gainean, eta txita gorria denean, motelago ibiliko da pintura horiaren gainean. Beraz, ziurtatu zaitez lurra zure kolorearen arabera margotzen duzula, azkarrago eta trebetasun handiagoz mugitu ahal izateko!
Chuche for Chuchok bi zailtasun maila eskaintzen ditu: erraza eta zaila. Modu errazean, jokoak adieraziko dizu zein koloretako bi geometria konbinatu behar dituzun txakurrak eskatutako janaria lortzeko. Modu zailean, berriz, lehendabizi konbinazioa aurkitu eta desblokeatu beharko duzu. Horrez gain, modu errazean, esferak eta kuboak baino ez dira agertuko, konbinazio posibleak 21etik 10era murriztuz.
Probatu zure trebetasunak modu zailean, hurrengo gameplay bideoan erakusten dizuegun bezala!